Deskribapena
Bilbo oso ondo komunikatuta dago eta, metroa ez ezik, hainbat geltoki ere nabarmentzen dira filmatzeko toki egokitzat: Abandoko, Santanderreko, Atxuriko eta Ametzolako geltokiak.
Abandoko geltokia Bilboko garrantzitsuenetakoa da, erdi-erdian baitago eta oso zabala baita. 301 zatik osatutako beirate ikusgarria du (duela gutxi berriztatu dute). Geltoki honetara helduko da abiadura handiko trena, urte gutxi barru.
Santanderreko geltokia (Concordia) 1898an altxatu zuten eta hiriko garrantzitsuenetakoa izan da. Itsasadarraren ertzean dago, Arriaga Antzokitik oso hurbil, eta, atzealdea zaharberritutakoan, beiraz itxitako hiru behatoki jarriko dituzte nasen parean.
Atxuriko geltokia ikusteko modukoa da, modernoa eta klasikoa batzen dituelako. Tranbia berriaren ibilbidea hasi eta bukatzen da bertan, baina, aldi berean, San Anton, XIX. mendetik hiriaren ikur den zubia, dauka parean. Kontraste horiek filmatzeko aukerak zabaltzen dituzte.
Ametzolako geltokia berria da eta sarreraren estiloak "fosterito"ak, metro geltokien sarrera-irteerak, ekartzen ditu gogora. Erdigunean dago eta, metro geltokiak bezala, argitsua eta modernoa da.
Giroa: Hiri kutsu bizia dute geltoki guztiek; dena dela, Abandoko, Atxuriko eta Santanderrekoek irudi klasikoagoa islatzen dute, inguru arkitektonikoa dela eta.