Deskribapena
Bilboko abangoardia ekonomikoa Zabalgunean bildu izan da; hiriak ekonomia, finantza eta erakundeen alorrean dituen ikur gehienak (Burtsa, Espainiako Bankua, Aldundia, Ogasuna...) inguru honetan daude.
Halaber, nazioarte mailako marka handiek bertan paratu ohi dituzte, besteak beste, bitxitegi, lurrin denda eta arropa dendak. Horrek izaera esklusibo eta kosmopolita ematen dio hiriko merkataritzari.
Zonalde honen erdigunea Kale Nagusia da eta bertako merkataritzagunea oinezkoentzako bakarrik izan dadin egokitu berri dute. Zabalgunea Ertzilla kaletik hedatzen da Indautxu Plazarantz, eta Colon de Larreategitik Itsasadarrerantz. Hemen, merkataritza eta ekonomia jarduera geldiezina dago eta maila altuko zenbait saltoki eta ehunka bulego eta enpresa daude.
Itsasadarrera heltzean, hiria bere ertzetan zabaltzen doa Abandoibarran zehar. Lehen ontziolak hartzen zituen inguru honek, eta azken urteotan Bilboko ikur bilakatu da: modernoa, irekia eta kosmopolita.
Hemen daude hiriaren eraldaketaren adierazgarri nagusiak: Guggenheim Bilbao Museoa, Euskalduna Kongresu eta Musika Jauregia, Isozaki Atea eta Zubizuri. Gune berdeak, espazio irekiak eta, Itsasadarraren ondoan, oinezkoentzako etorbide zabalak dira nagusi. Argi erakusten dute etorkizunari eta joera berriei begira bizi den hiriaren itxura.
Interesguneak: Guggenheim Bilbao Museoa, Zubizuri, Casilda Iturrizar parkea, Euskalduna Jauregia, Deustuko Unibertsitatea.
Giroa: Modernoa, joera berriak, gizarte nahasketa.